|
SATURRARANEKO KONDAIRA
Belaunaldiz belaunaldi pasatzen
den istorio horietakoa da Saturraran izenaren atzean ezkutatzen
dena. Dirudienez talde nomada batek Saturraranen gelditzea erabaki
zuen aspaldi. Talde horretan ba omen ziren Satur eta Aran deituriko
bi gazte. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, eta leku hartako sorginkeri
batek eraginda-edo maitemindu egin ziren. Satur arrantzara ateratzen
zen egunero-egunero eta Aran hondartzan gelditzen zen haren zain,
bueltatu arte.
Baina egun batean galarrena sartu eta Satur ez zen itzuli. Aran
hondartzan egon zen eguna joan eta eguna etorri haren zain, baina
ez zen inoiz itzuli. Horrela, esperantza guztiak galduta, Aranek
txilioka itsasoari bera ere eraman zezan eskatu zion. Eta halaxe
gertatu zen. Gau hartan izugarrizko zarata entzun zen, eta bertan
zeudenek begiratzean hondartzako haitzak itxuraldatuta ikusi zituzten!
Bi pertsonaren irudiak ikus zitezkeen bertan. Bata Satur zen eta
beste, berriz, Aran.
Saturrarango haitzak Satur eta Aran maitale
gazteen irudiak direla esaten du kondairak.
|