|
Udalak berdintasun arloko teknikari
baten zerbitzuak kontratatu ditu
Mutrikuko Udalak lanari
ekin dio, udalerriko gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunaren
lorpenean aurrera egiteko asmotan.
Udalak, aurreko legearen
azkenaldian, udal-barruko berdintasun plana onartu zuen. Bertan
jasotakoaren arabera, aurreikusita zegoen Udal barruko egoeraren
diagnosia egitea. Dagoeneko, diagnosia eginda dago, eta iritsi da
jarduera zehatzei heltzeko unea. Mutrikuko udalak arlo horretan
eman duen lehendabiziko urratsa pertsona bat kontratatzea izan da
(Debako eta Elgoibarko udalekin batera), "berdintasunaren esparruan
erreferentzia izan dadin".
Goiatz Minguez ermuarra,
Mugibe aholkularitzako langilea, izango da "berdintasunerako bidea
irekitzeko" zeregina izango duena (Debegesa bailarako agentziaren
bidez). Aurrerantzean, Goiatzek izango du genero berdintasunaren
arloan dauden jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazioa herritarrei
emateko ardura. Jendaurreko ordutegia honakoa izango da: 09.00etatik
14.00etara. Asteartetan Udaletxean egongo da, eta ostiraletan, berriz,
Debegesak Eibarren duen egoitzan.
Herritarrei informazioa
eta aholkua eman ez ezik, Goiatz Minguezek udalerrira begirako berdintasun
planaren bilakaeraren jarraipen zuzena ere egingo du. Plan hau iazko
udazkenean prestatzen hasi ziren; eta hasiera batean behintzat,
"Uda aurretik prest egon beharko da, Udal Korporazioak bozketa egin
dezan". Horretaz gain, berdintasun teknikariak emakumeen elkarteekin,
eta beste zenbait lekutan, antzeko planen ardura dutenekin harremanetan
jarri beharko du. Teknikariarekin harremanetan jarri nahi dutenek,
mezu bat bidal dezakete honako helbide honetara: berdintasuna@debegesa.com.
|